Ataungo eguraldia

2010/12/22

Sekuentzia didaktiko digitala - Mahaiaren prestaketa otordu formal baterako



Nondik nora zehaztu:


Sekuentzia didaktiko honetan, bazkari edo afari formal batetarako mahaia prestatzen irakatsiko diegu ikasleei, beste inoren laguntzarik gabe.


Nori zuzendua dago?:


Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago, edonork egiteko moduko jarduera da eta. Euren autonomia garatzen lagunduko die mahaia prestatzeak.


Erabiliko dugun materiala:
  • Mantela
  • Mahaia
  • Platerak
  • Edalontziak
  • Sardeska
  • Labana
  • Goilara
  • Goilaratxoa
  • Mahai-zapia
  • Ogia
  • Saskitxoa
Eman beharreko pausoak:
  1. Hasteko, mahaiaren aurrean kokatuko gara eta mantela jarriko diogu gainean, mahaia ez zikintzeko jaterako garaian.
  2. Eserlekuaren parean, mahai gainean platera handia kokatuko dugu, ertzetik ez oso urruti ezta gertuegi ere, erortzeko arriskuak ekiditeko. Plater handiaren gainean beste plater txikiago bat ezarriko dugu, lehen platerarentzat.
  3. Ondoren, plateren eskuinaldean, labana eta goilara kokatuko ditugu.
  4. Jarraian, plateren beste aldean sardeska ipiniko dugu.
  5. Postrerako goilaratxoa, plateraren gainkaldean jarriko dugu.
  6. Mahai tresnak jarri ostean, edalontziak kokatuko ditugu, bata urarentzako, eta bestea ardoa edota beste edariren batentzako. Edalontziak, labana eta goilarearen gainkaldean kokatuko ditugu.
  7. Honen ostean, plateren gainean mahai-zapia jarriko dugu.
  8. Amaitzeko, ogia puska txikitan zatituko dugu eta saskitxoan sartuko dugu, berau mahaiaren erdian ipiniz.
Gaitasunak:


Mahaia jartzen ikastea, inoren laguntzarik izan gabe, autonomia garatzea.


Helburuak:
  • Mahaiko tresna guztien kokalekua zein den ezagutzea eta behar bezala kokatzea.
  • Egunerokotasunean egiteko ohitura hartzea, gurasoek egin beharrean.
Ebaluazioa (errubrika):


DESKRIBAPENA
BAI
ERDIZKA
EZ
Egunero prestatzen du mahaia etxean



Inoren laguntzarik gabe egiten du



Tresna guztiak bere kokalekuan jartzen ditu



Tresna guztiekin gogoratzen da



Tresnak ondo zaintzen ditu



--Spotify-- Nahi duzun musika eskura momentuan



Zer da Spotify?:

Ia munduko edozein musika talderen abesti guztiak entzuteko aukera ematen duen programa da Spotify. Berdin dio Coldplay-ren abesti famatu bat izan, edo Benito Lertxundiren hasierako urteetako abesti bat, gehiena aurkituko duzu bertan. Musika jaisteko aukerarik ez du ematen (horretarako beste programa batzuk daude), baina irratiaren lana egiten du, eta gainera ez daukazu gustokoak ez dituzun abestiak entzuten ibili beharrik. Gustuko dituzun abestiak markatu eta hauekin kantu gogokoenen listak ere egin ditzakezu. Honez gain, munduan musika munduan dauden berritasunak erakusten ditu, hala nola, momentuan gehien entzuten diren abesti eta bildumak, eta noski hauek entzuteko aukera pare bat klik eginda. Musikaren kalitatea gainera, itzela da; eta erabiltzeko oso programa erraza eta sinplea da Spotify. Funtsean, musika gustatzen zaion edozeinentzat ordenagailuan eduki beharreko programa da.

Spotify programa ordenagailuko memoriara jaitsi nahi izanez gero, http://spotify.softonic.com/ web-orrian sartu.

--Google Maps-- Gure bazterrak ezagutzen




Zer erakusten du Google Maps honek?:

Nire herriaren sateliteko irudia da ondoren erakusten dudan mapa, Ataun herri ederreko mapa hain zuzen.


Nori zuzendua dago?:

Ez dirudien arren, Google Maps-a oso herraminta erabilterraza da. Beraz, Lehen Hezkuntzako haurrek ez dute batere arazorik baliabide hau menperatzeko.


Helburu hezitzailea:

Google Maps programa haurrek erabiltzeko oso herraminta erraza da. Nahi duten herri, hiri, mendi, ibai edo eraikuntzak aurkitu ditzakete, eta beraz euren autonomia lantzen dute. Haurrei zirrara berezia egiten die beren etxea interneten zerutik ikusiko balute bezala ikusteak, eta aplikazio honek horretarako aukera eskaintzen du. Geografia lantzeko ere oso programa aproposa da Google Maps, munduko mapa erraldoi bat bezala baita.

Zer gehiagotan lagundu dezake Google Maps-ek?:

Interneten sekulako arrakasta izaten ari den aplikazioa da Google Maps. Berarekin, mundu osoko txokoetara iritsi zaitezke segundu gutxi batzuetan, eta horrek bai haur zein helduentzat orain gutxi arte fantasiazko zerbait zirudien. Dagoeneko errealitate bihurtu da eta ia etxeko sukalderaino sartzeko aukera ematen digu Google-ren programa bikain honek. Hori gutxi balitz, leku batetik bestera dagoen distantzia kalkulatzen digu, eta autoz, garraio publikoan, ... eta oinez ere bai!! Distantziak dituen kilometroak eta iraungo genukeen denbora ere erakusten digu. Ibilbidean hartu beharreko bidegurutzeak, biribilguneak, ... dena eskura ematen digu Google Maps-ek. Geografia saioak haurrekin eskolan emateko ere oso aplikazio baliagarria da, maneiatzeko oso tresna erraza baita. Ez da harritzekoa, beraz, arrakasta itzela izatea mundu osoan zehar.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Google Maps, eta bideoa egiteko, Livestream.


Ver mapa más grande

Hona Google Maps-en tutorial txiki bat:


Watch live streaming video from ioritztelebista at livestream.com

--Jigsaw-- Puzzleak sortzen




Zer erakusten du Jigsaw honek?:

2010 honetako Frantziako Tourreko irudi ikusgarri bat da, puzzle moduan jarrita.

Nori zuzendua dago?:

Puzzleak gogoko dituen edonori zuzendua dago, beti ere 6 urtetik gorakoentzat bada ere, zalitasuna dela eta.

Helburu hezitzailea:

Haurren gustuko argazkiak hautsi eta berriz muntatu ditzakete Jigsaw-rekin, baina hori egiten dibertituz gainera. Oso ariketa dibertigarria da eurentzat, gainera, eurek jakin ez arren, puzzleak egiten ari direla euren garuna lantzen dute, eta hori irakasle, guraso eta ikasle beraientzat ere oso garrantzitsua da.

Zer gehiagotan lagundu dezake Jigsaw-k?:

Jigsaw puzzleak egiteko programa erakargarri bat da, batez ere etxeko txikientzat. Jigzone.com web-orrian bertan hainbat irudi daude puzzle eran jarrita, nahi dituenak osatu ditzan. Jolasak erakargarriak izaten dira beti haurrentzat, eta beraz entretenitzeko parada bikaina eskaintzen dute puzzleek. Gainera, puzzleak egiten garuna lantzen dute ondo pasatzen duten bitartean, beraz ariketa osasuntsutzat ere hartu liteke. Web-orrian dauden irudiez gain, gure ordenagailuko memorian gordeta ditugun irudiak ere erabil ditzakegu puzzleak sortzeko, honela haurrek euren etxeetan dituzten argazki gustukoak hainbat puskatan egin ditzakete, ondoren pixkanaka osatzeko. Azken finean, gaztetxoek ondo pasatzeko baliabide xumea bezain erakargarria da Jigsaw.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Jigsaw, eta bideoa egiteko, Livestream.

Click to Mix and Solve

Hona hemen Jigsaw programaren tutoriala:


Watch live streaming video from ioritztelebista at livestream.com

2010/12/21

5. EKARPENA - Euskera interneten



Hona hemen euskera eta internetari buruzko artikulu bat: http://www.euskonews.com/0222zbk/gaia22205eu.html 

Hautatzearen zergatia:

Tamalez interneten gauzak euskeraz topatzea ez da hain erraza, gehiena gaztelaniaz edo ingelesez dago, eta ni bezala ama hizkuntza euskera dugunontzat eta egunerokotasunean euskera erabiltzen dugunontzat, tristea da. Egoera pixka bat aztertu eta hobetu beharko litzatekeela uste dut, eta denon artean egin dezakegun zerbait dela iruditzen zaidanez, gai interesgarria iruditu zait hemen kokatzeko.

Ekarpena:

Oraintxu aipatu dudan moduan, interneten gauzak euskeraz topatzea ez da nahi bezain erraza. Noski jendeak esango du, euskerak ez duela gaztelaniak adinako indarrik gizartean eta nahi edo ez hori normala dela. Hori nik ez dut ukatuko, baina alderatu dezagun gure hizkuntza, katalanarekin. Hemen hasten gara nabaritzen zerbait egin beharrean gaudela. Interneten hainbat eta hainbat baliabidetan eta programetan katalanak bere burua sartu du, euskarak ez bezala. Hizkuntza aukeratu dezakegun web orri asko eta askotan, katalana aurkitzen dugu, eta euskeraren arrastorik ez da izaten normalean. Beraz, zerbait egin beharra dugula konturatzen gara, zeren katalanak ez du euskerak baino askozaz ere indar handirik. Katalanak interneten egoteko baliabideak baldin baditu, euskerak ere bai.

Gauzak honela, euskera interneten agerian ez egotearen arazoa ez da baliabide falta, beste zerbait baizik. Nire iritziz beste zerbait hori, konformismoa da. Interneten gabiltzanean zerbait euskeraz bilatzen, baina aurkitzen ez dugunean, gaztelaniaz bilatzeari ekiten diogu, arazoa aldatzen saiatu gabe, konformatu egiten gara dagoenarekin. Hori da aldatu behar duguna, hau da, zerbait euskeraz aurkitu ezin dugunean, lanean jarri behar gara gaztelaniaz edo katalanez dagoen informazio hori euskeraz ere egon dadin. Ezin gara egon zain norbaitek lana gure ordez egin dezan itxaroten. Zer egin dezakegu? Ba adibidez bilatzaileak euskeraz sortu, itzulpenak egin, ... Gainera, euskera interneten agertzea ez da gu euskaldunontzat bakarrik ona, atzerriko jendeak ere euskera zer den jakin dezan balio dezake. Gure kultura mundura zabaltzeko baliabide ezinhobea izan daiteke internet, gauzak behar bezala egiten baditugu.

Beraz, orain hitzetik ekintzetara pasatzea besterik ez da geratzen. Denon artean saiatu behar gara dugun hizkuntza eder hau mundura zabaltzen, eta zer hoberik horretarako, interneta baino.

Egilea: Ioritz Arrondo Begiristain

2010/12/20

4. EKARPENA - Telefono mugikorrak eskolan



Hona hemen gaiari buruzko artikulu batzuk:

Hautatzearen zergatia:

Etorkizunean (gaur egun ez hainbeste), Lehen Hezkuntzako eskoletan ikusi dezakegun objektu bat denez garrantzia handia duela iruditzen zait telefono mugikorren kontuak. Dituen alde txarrak eta onak ikusiz, nire iritzia emango dut gaiaren inguruan.

Ekarpena:

Azken urteetan teknologia arloan "boom"-ik izan baldin bada, hori telefono mugikorrena izan da. Orain 20 urte inork gutxik erabiltzen zituen, gauza berria zen gizartean, oraingoekin alderatuta adreiluak ziren orduko sakelako telefonoak. Urteen poderioz, ordea, ia batere ez egotetik, pertsonak baino mugikor gehiago egotera pasatu gara. Berdin du 80, 53, 29 ala 13 urte izan, denok dugu mobila patrikan eta ez daukatenak (bai, batzuk badaude) pertsona arraroak bailiran ikusten ditugu. Esan bezala edozein adinetako jendeak dauka telefono mugikorra, baina gero eta adin gazteagoan hasten dira mugikorra erabiltzen gaur egungo gaztetxoak, eta horrek berarekin dakar, nahi edo ez, mugikorrak eskoletan agertzea. Orain arte oso nekez ikusi izan dugu mugikorra Lehen Hezkuntzan, baina telefonoen bilakaerak elur bola handi batena bezalakoa izaten jarraitzen badu, 6-12 urte bitartekoak ere harrapatuko ditu, halako batean.

Kontua zera da, mugikorra tresna on bat bezala hartu izan dela orain arte, komunikatzeko aukera ezinhobea eskaintzen duela eta. Baina gaur egungo mobilek ez dute deiak egiteko soilik balio, argazkiak atera, bideoak grabatu, edota interneten sartzeko aukera ematen dute. Noski, aukera hauek edukitzea Norbegian lanean ari den 32 urteko gazte euskaldun batentzat erabat onuragarria eta beharrezkoa da, baina mugikor berbera 14 urteko neska/mutil batek eskola barruan erabiltzen badu, esan beharrik ez dago onerako baina gehiago txarrerako dela. Izan ere, batetik, 14 urteko haur batek ez ditu ezagutzen mobilak izan ditzakeen arriskuak gaizki erabili ezkero, eta adin honetan gehienetan sakelekoari ematen zaion erabilera okerra da. Bestetik, adin horretan telefono mugikorra ez dute ia ezertarako behar, eta are gutxiago eskolan daudenean. Eskolan ez dute etxera deitzeko beharrik izaten, babesean daude eta gurasoak euren bila joan beharrik ez dute eskolako ohiko ordutegitik kanpo behinik behin; eta noizbait deia egin behar bada, eskola guztietan dago telefono finkoa. Honez gain, adin honetako gazteei deiak egiteak ez die dirurik suposatzen, gurasoek ordaintzen baitituzte fakturak, eta horrek hainbat etxetan ezustekoak ekarri ditu, eta etorkizunean ere ekarriko ditu. Hala ere, ehuneko altu batean arazoa ez da haurrena izaten, euren gurasoena baizik, eta horretan eskolak ez du zeregin handirik.

Ukatu ezin dena zera da, telefono mugikorra sekulako asmakizuna izan dela, XX. mendeko asmakizunik onenetarikoa zalantzarik gabe, baina munduko gauza guztiak bezalaxe, ondo erabili behar da edo ondo erabiltzen jakin behar da behintzat. Eta ondo erabiltzeko lekua ez dirudi eskola denik.

Egilea: Ioritz Arrondo Begiristain

2010/12/18

--Mindomo-- Futbola




Zer erakusten du Mindomo honek?:

Munduan gehien praktikatzen den kirola eta jende artean ezagunena da futbola, ala nahi edo ez. Horrek berak eragiten du gaztetxoenen artean kirolik praktikatuena eta gogokoena izatea. Adin txikian futbolean hasten diren askok, gehienek, ez dituzte joko arauak ezagutzen, ezta jokaleku bakoitzean dituzten eginbeharrak ere, irabazten eta galtzen ez dakite, zelaian ze portaera eduki behar duten ere ez, ... Praktikatzen duten heinean pixkanaka ikasten joaten diren arren, aipaturiko guztia ezagutzen joateko eskema moduko bat ideia ona dela iruditzen zait. Bertan azaltzen dira futbol arauak, fair play-aren kodigoa, jokalari bakoitzak dituen eginbeharrak postu bakoitzean eta postu horietan daudenek izan ohi dituzten ezaugarriak (orientazio modura, haurrek euren gaitasunei gehien egokitzen zaien postua ezagutzeko), futbolean dauden eskema taktiko orokorrenak, ... eta futbolaz gozatzeko bideo batzuk ere bai. Haurrek futbola ezagutzeko beste modu bat dela iruditzen zait Mindomo eskema hau, eta eurentzat baliagarria izan dadin nahi dut.

Nori zuzendua dago?:

Batipat futbol federatuan hasten diren gaztetxoentzat zuzendu nahi izan dut egindako Mindomo-a, baina egia esan edozein futbol zale interesaturentzat balio du, izan ere, futboleko arauak, teknikak, taktikak, ... azaltzen dira, eta edonorentzat baliagarria dela uste dut horiek denak jakitea, nahiz eta aditua ez naizenez batzuek jarritakoarekin guztiz ados ez egon.

Helburu hezitzailea:
Eskoletan erabiltzeko oso aplikazio garrantzitsua da Mindomo. Orain arte hainbat gai azaltzeko edo aurkezpenak egiteko, Power Point programa erabiltzen zen. Hau gutxietsi gabe, Mindomoak gauza gehiago egiteko aukera ematen digu. Haurrentzat hitzak baino erakargarriagoak dira irudi, bideo edota eskemak; eta Mindomo-k hori eskaintzen digu modu sinple batean. Haurrek beraiek esperimentatzeko ere baliabide erraza da Mindomo, eta beraz bai ikasle zein irakasleentzat maneiatu beharreko programa iruditzen zait.

Zer gehiagotan lagundu dezake Mindomo-ak?:

Mindomoa eskemak egiteko modu interesgarria da. Aukera ugari uzten ditu, bideoak, irudiak, estekak, apunteak, ... txertatu daitezke bertan. Klasean aurkezpenak egiteko baliabide itzela da, eta Power Point erabiliak baino aukera gehiagorekin gainera. Ordenagailuz denez programa, klaseko apunteak eskema moduan bertan ezarri daitezke, eta gordetzen aritu beharrik ez dago, automatikoki egiten baitu lan hori.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Mindomo, eta bideoa egiteko, Livestream.

Hona hemen futbolari buruzko Mindomo-a:




...eta hemen Mindomo-aren tutoriala:


2010/12/16

--Scratch-- Kenketak egiten




Zer erakusten du Scratch honek?:

Gaztetxoenekin egiteko prestatuta dago hemen jartzen dudan Scratch-a. Matematikako eragiketa sinpleak egiteko baliabide onenetarikoa izan daiteke Scratch programa. Hain zuzen, jarri dudan Scratch-aren helburua, haurrak kenketak egiten ez aspertzea da, gauza dibertigarria balitz bezala hartzea. Horretarako, lasterketa moduko bat planteatu dut bi pertsonaien artean. Erantzun zuzena ematen badu kenketan, bere pertsonaiak pauso bat aurrera egingo du, aldiz, ikasleak eragiketan huts egiten badu, aurkaria izango da helmugara gerturatuko dena.
Izan ere, frogatuta dago adin honetako haurrei lehiaketa edo konpetizioa izugarri gustatzen zaiela, eta gogo handiz jarduten dute, egin beharrekoa berez oso gustuko ez badute ere.

Nori zuzendua dago?:

Kenketak ikasten hasi berriak direnei zuzendua dago, adina edozein dela ere egin ahal daitekeen arren.

Helburu hezitzailea:

Hasiera batean, erabiltzeko zaila dirudien arren, azalpen on batzuen ostean eta haurrek erabiltzearen poderioz, eskola guztietan egon beharreko programa da Scratch-a. Gai guztietarako balio dezake: Matematika, Hizkuntzak, Ingurunea, Heziketa Fisikoa, Musika, ... Haurrek segituan ikasten dituzte gauzak, eta beraz oso tresna baliagarria bihur liteke haur zein irakasleentzat, ikasleen autonomia garatzen laguntzen baitu; eta baita kontzeptu ugari menperatzen ere.

Zer gehiagotan lagundu dezake Scratch-ak?:

Scratch-a erabiltzen ohitua bazaude, gauza izugarri politak eta interesgarriak egin litezke. Edozein arlo lantzeko lagungarria da, era guztietako ariketak egin baitaitezke: Geografiari buruz hasita, XX. mendeko kirolari ezagunenetarte, edozerk balio du. Pertsonaiak aldatu daitezke, hondoa, tamaina, ... Horien bitartez galderak, baldintzak, jolasak, ... mundu txiki bat da Scratch-arena.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Scratch, eta bideoa egiteko, Livestream.

Conoce más sobre este proyecto

Hona hemen Scratch-arekin hasteko lehen pausoen tutoriala:


2010/12/11

--Pixton-- Euskararen egoera



Zer erakusten du Pixton honek?:

Tamalez Euskal Herrian leku askotan pasatzen da komiki honetan erakusten dena. Gaur egun euskara eskolan ere ikasten da, eta jende gehiagoren belarritara iristen da, baina erabilera pixkanaka behera doa. Gurasoekin euskeraz egin arren, lagunekin erderaz aritzen dira gazte asko, zoritxarrez. Eta gurasoekin ere erderaz egiten badute zer esanik ez. Euskararen egoera zein den kontzientziatzeko baliabide aproposa izan daiteke Pixtonen bidez eginiko komiki bat, eta bururatu bezalaxe halako bat egitea otu zait.

Nori zuzendua dago?: 

Batez ere gazteei zuzendua dago, baina edozein adin talderentzat balio dezake. Izan ere kasu honetan adinak ez du garrantzia handirik, hizkuntzaren erabilerak baizik. Beraz, esan liteke Pixton hau erderaz egiten duten euskaldunei zuzendua dagoela.

Helburu hezitzailea:

Haurrak orain arte komikiak irakurtzearekin konformatu izan dira, eta irakurtzen ondo pasa izan dute. Baina Pixtonek euren komikiak sortzeko aukera ematen du, eta hori aurrentzat zirraragarria da. Irudimen asko izaten dute haurrek eta heldu askok baino komiki hobeak egin ditzakete. Gainera komikien bidez irakasleek ere haurrei hainbat balore irakatsi diezazkieke, beraz heziketa lanetarako ere aplikazio baliagarria da. Beraz, ikasi egiten dute ondo pasatzen duten bitartean, eta horrela irakaskuntza-ikaskuntza prozesua errazten da.

Zer gehiagotan lagundu dezake Pixton-ak?:

Pixtonarekin komikiak bakarrik egin daitezke, baina modu askotarikoak: luzeak, motzak, hitzik erabili gabe, pertsonai eta leku ezberdin ugari daude, hainbat objektu dibertigarri, ... Komikien munduaren barruan ia denetik egiteko aukera eskaintzen du Pixton programak.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Pixton, eta bideoa egiteko, Livestream.



Hona hemen Pixtoni buruzko bideotutoriala:


Watch live streaming video from ioritztelebista at livestream.com

2010/12/09

--Voki-- Zer eramango dut futbol entrenamentura?



Zer erakusten du Voki honek?:

Hainbat gaztetxo 6-12 urte bitartean dituztenean hasten dira futbol taldeetan sartzen, eta askok eta askok ez dakite futbol poltsan zer eraman behar duten behar bezala entrenatu eta ondoren dutxatu ahal izateko. Ez hori bakarrik, gaur egungo gizartean, ahalik eta esfortzu gutxien egitea onetsia dagoenez, haur askok euren gurasoei eskatzen diete futbol poltsa eta beste hainbat gauza prestatzeko. Hori gerta ez dadin, Voki honek eman beharreko pausoak modu esanguratsuan ematen ditu, eta haurrei atentzioa deitzen die. Honez gain, entzuten dutena Lionel Messi, momentuan dagoen futbol jokalari onena bada, eta euskeraz hitz egiten badie, haurren atentzioa bermatuta dago. Beraz, alferrentzako edota hasiberrientzako laguntza bikaina izan daiteke ondoren jarri dudan Voki hau.

Nori zuzendua dago?:

Futbolean hasi behar den edozein gazteri zuzendua dago, edota hasita dagoen batek zalantzaren bat badu ere baliagarria suertatuko zaio Voki hau.

Helburu hezitzailea:

Ikasleek azalpenak adi-adi entzun ditzaten, ez dago Voki-a baino baliabide hoberik. Txakur bat kantatzen ikusi edo entzun dezakete, afrikar beltz bat euskeraz bertsoak kantatzen, edota pertsonai famatu bat eurei inguruneari buruzko azalpenak ematen. Horrek denak haurrari sekulako ilusioa egiten dio eta ikasteko edo entzuteko gogoa eta grina sortzen zaio. Ikasleek eurek ere erraz egin dezakete Voki bat, eta ondoren etxean erakutsi dezakete gurasoen aurrean, era honetan gurasoak pozik sentitzen dira eta haurrak zer esanik ez.

Zer gehiagotan lagundu dezake Voki-ak?:

Hainbat gauzetarako balio dezake, abestiak entzun daitezke, bertsoak, sukaldeko errezetaren bat, joko bateko arauak, ... azken finean, esan nahi dena idatziz jarri beharrean ahoz eta modu ikusgarriagoan lortzeko aukera ematen du Voki-ak. Izan ere, haur batentzat dibertigarriagoa da animali bat hizketan entzutea eta ahoa mugitzen ikustea, idatzitakoa irakurtzea baino.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Voki, eta bideoa egiteko, Livestream.

Get a Voki now!





Get a Voki now!





Get a Voki now!





Get a Voki now!





Get a Voki now!















Hona hemen Voki programaren tutoriala:


2010/11/17

3. EKARPENA - Sare sozialak



Sare sozialei buruzko bideo bat:


Hautatzearen zergatia:

Sekulako arrakasta dute gaur egun sare sozialek gazteen (eta neurri txikiago batean, hain gazte ez direnen artean ere) artean. Pil-pilean dagoen gaia iruditzen zait eta nire iritzia eskaintzeko aproposa dela uste dut.

Ekarpena:

Hasteko, aitortu beharra daukat ez naizela sare sozialak erabili zalea, aspalditik dudan Messengerraz, eta egin berri dudan Twitterraz aparte, ezpaitaukak ez Tuenti, ez Facebook, ez My Space, edo antzekorik. Honek galdera bat sortzen du nire barruan: pertsona "arraroa" naiz sare sozial hauek ez erabiltzeagatik? Hala erabiltzaileak dira arraroak?

Ez naiz arraroa nor den eztabaidatzen edo argudiatzen hasiko, baina egia esan behar badut, ez diot funtzio beharrezkorik ikusten halako sare sozialak edukitzeari. Agian ez dudalako edo probatu ez dudalako izango da, baina hori iruditzen zait behintzat. Azkenean aurrez-aurreko harremanak edukitzen ere ahaztu egingo zaigu, dena ordenagailu bidez egingo dugu eta. Ez hori bakarrik, dendari baten aurrean nola jokatu ez dugu jakingo, gustoko norbait aurrean dugunean ez dugu jakingo nola ligatu berarekin, ... azken finean komunikatzeko dugun hain baliabide itzela galtzea ekar lezake, hizkuntza. Noski, ez dugu hitz egiteko gaitasuna galduko, ez da hain dramatikoa izango, baina niri aberatsagoa iruditzen zait jendearekin aurrez-aurre gelditzea, taberna batean izan, frontoi batean izan, hondartzan edota mendian. 


Sare sozialak erabiltzen gero eta adin txikiagoan hasten da jendea, eta gaztetxo hauen erabilera kontrolatu ezean, arriskutsu bihur liteke itxuran ederra eta dibertigarria dirudien mundua. Gurasoek ahal den neurrian esku hartu behar dute seme-alaben interneteko kontuetan, arazorik gerta ez dadin. Gainera, sare sozialetan mundu osoko jendearekin jar zaitezke harremanetan (onuraz beteta dagoen ezaugarria iruditzen zait) eta zoritxarrez mundu guztian ez da euskeraz egiten, beraz euskeraren erabilera ere modu batean baztertu egiten da. 

Garbi dagoena zera da, ongi erabili ezkero, oso baliabide bikaina direla Tuenti, Facebook edo My Space bezalako sare sozialak, baina mundua ez da hor amaitzen.


Egilea: Ioritz Arrondo Begiristain 

2010/11/11

2. EKARPENA - Teknologiaren bilakaera eskolan



Hona hemen Youtuben aurkitu dudan bideo bat:




Hautatzearen zergatia:

Teknologiak eskolan izan duen bilakaeraren zati batek niri ere eragin dit orain 17 urte eskolan hasi nintzenetik hona, eta beraz bideo interesgarria iruditu zait.

Ekarpena:

Aspaldi izan zela ematen du, baina orain dela urte gutxi batzuk ordenagailu edo telebistarik ez zen eskolan. Egunerokotasunean liburuak, kuadernoak, arkatzak eta borragomak, tiza batekin idazten zen arbela, ... erabiltzen genituen eskolan. Gaur egun arrotza dirudi ikasle eta irakasleek tresna hauek erabiltzea, baina agian orain urte gutxi eskolan hasi berria den haur batentzat bakarrik. Lehen liburuak zirenak orain ordenagailuak dira, kuadernoak blogak, arkatzak eta borragomak teklatu eta saguek ordezkatu dituzte, eta arbelek eskoletan jarraitzen dute, baina orain behatzarekin soilik maneiatu daitezke. Nik orain dela 8 urte amaitu nuen Lehen Hezkuntza, eta oraindik gogoan dut hiru pertsonen artean mugitzea kostatzen zitzaigun telebista pisutsu hura, eta DVD-a orduantxe hasi berria zenez, gehienean VHS-a erabiltzen genuen. 12 urte beranduago besterik ez, eta DVD-ak zahar gelditzen ari dira, VHS-ak zer esanik ez. Orain telebista saguari klik bat eginez eskura daukagu interneten, eta bideoak behatzak baino txikiagoak diren "pen drive"-etan dauzkagu. 

Aldaketa guzti hau 20-25 urte ditugun gazteok nabaritu badugu, gure gurasoek are eta aldaketa sakonagoak bizi izan dituzte. Gu aldaketa guzti honen prozesuan egon garenez, teknologia berrietara moldatu ahal izan gara, eta gure gurasoak ere batzuk gehiago, besteak gutxiago, baina aparatu berriak erabiltzeko gai dira. Baina zer pasatuko litzateke hemendik urte batzuetara eskolan dauden haurrek klaseak berriro ordenagailurik eta telebistarik gabe emango balituzkete? Baina, tira, alferrikako galdera bat dela uste dut, garaiak aldatzen doaz eta liburu eta kuadernoak ahazten joan beharko gara... ala ez?


Egilea: Ioritz Arrondo Begiristain





1. EKARPENA - Teknologia berriak ezinduen zerbitzura


Hautatzearen zergatia:

Konturatu gaitezen hain erabiliak diren aparatu elektronikoak erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonak ere badaudela, eta haiek ere teknologiaren munduan barneratu nahi dutela eta horretarako aukera izan behar dutela.

Ekarpena:

Ezintasun fisikoren bat duten pertsonak gutxiengo bat dira, baina horrek ez du esan nahi gainontzekoak baino gutxiago direla. Zorionez ezintasun fisikorik gabe jaio naiz ni, baina nork daki etorkizunean hori aldatuko den edo ez; horretan pentsatzen jarrita artikulu honetara iritsi naiz eta une batez ezindu hauen lekuan jartzen saiatu naiz. Izan ere, orain hain erraz egin ditzakedan hainbat eguneroko gauza, telebista katea aldatzea esaterako, behatzak mugitzeko gaitasuna galduko banu egin ezingo nukeen zerbait izango litzateke etxean bakarrik banengo une horretan. Beraz, oso garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zait ezindu fisikoen bizitza gainontzekoon ahalik eta antzekoena izan dadin teknologia aparatuak egokitzea.

Telebistak gure bizitzan garrantzia handia badu, zer esanik ez ordenagailuek. Pentsatze hutsak ordenagailua maneiatu ezin izateak, ardura sortzen du nire buruan. Saguaren botoiak ezin sakatu, ezin ezer idatzi teklatuan, ... eta horrek denak suposatzen duena, murgildu ezin gintezkeen interneten mundu ikaragarria. Gaur egun internetarekin edozer gauza egin liteke, beraz saiatu behar gara denon eskura izaten halako baliabide garrantzitsua. Zoritxarrez, merkatuan dauden egokitutako aparatu elektronikoen prezioa oso altua da oraindik ere, eta prezio horiekin aparatu hauek eskuratzea zaila bada lehendik ere, pentsa gaur egungo krisi egoerarekin eta lanik gabe dagoen jende pilarentzat zer nolako oztopoa den. Badirudi ezinduentzat dena oztopoak direla honelako gauzak egiterako  edo lortzeko orduan, horrexegatik COMPORTA proiektuan lanean dabiltzanak goraipatu nahiko nituzke, gizarte zabal batentzat egiten ari diren aurrerapenengatik. Izan ere, agian orain ez dugu horrelako tresnen beharrik eskuak libre mugitzen ditugunok, baina zer egin etorkizunean hatzek garunaren aginduak jasotzen ez badituzte?

Egilea: Ioritz Arrondo Begiristain