Ataungo eguraldia

2010/12/22

Sekuentzia didaktiko digitala - Mahaiaren prestaketa otordu formal baterako



Nondik nora zehaztu:


Sekuentzia didaktiko honetan, bazkari edo afari formal batetarako mahaia prestatzen irakatsiko diegu ikasleei, beste inoren laguntzarik gabe.


Nori zuzendua dago?:


Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago, edonork egiteko moduko jarduera da eta. Euren autonomia garatzen lagunduko die mahaia prestatzeak.


Erabiliko dugun materiala:
  • Mantela
  • Mahaia
  • Platerak
  • Edalontziak
  • Sardeska
  • Labana
  • Goilara
  • Goilaratxoa
  • Mahai-zapia
  • Ogia
  • Saskitxoa
Eman beharreko pausoak:
  1. Hasteko, mahaiaren aurrean kokatuko gara eta mantela jarriko diogu gainean, mahaia ez zikintzeko jaterako garaian.
  2. Eserlekuaren parean, mahai gainean platera handia kokatuko dugu, ertzetik ez oso urruti ezta gertuegi ere, erortzeko arriskuak ekiditeko. Plater handiaren gainean beste plater txikiago bat ezarriko dugu, lehen platerarentzat.
  3. Ondoren, plateren eskuinaldean, labana eta goilara kokatuko ditugu.
  4. Jarraian, plateren beste aldean sardeska ipiniko dugu.
  5. Postrerako goilaratxoa, plateraren gainkaldean jarriko dugu.
  6. Mahai tresnak jarri ostean, edalontziak kokatuko ditugu, bata urarentzako, eta bestea ardoa edota beste edariren batentzako. Edalontziak, labana eta goilarearen gainkaldean kokatuko ditugu.
  7. Honen ostean, plateren gainean mahai-zapia jarriko dugu.
  8. Amaitzeko, ogia puska txikitan zatituko dugu eta saskitxoan sartuko dugu, berau mahaiaren erdian ipiniz.
Gaitasunak:


Mahaia jartzen ikastea, inoren laguntzarik izan gabe, autonomia garatzea.


Helburuak:
  • Mahaiko tresna guztien kokalekua zein den ezagutzea eta behar bezala kokatzea.
  • Egunerokotasunean egiteko ohitura hartzea, gurasoek egin beharrean.
Ebaluazioa (errubrika):


DESKRIBAPENA
BAI
ERDIZKA
EZ
Egunero prestatzen du mahaia etxean



Inoren laguntzarik gabe egiten du



Tresna guztiak bere kokalekuan jartzen ditu



Tresna guztiekin gogoratzen da



Tresnak ondo zaintzen ditu



--Spotify-- Nahi duzun musika eskura momentuan



Zer da Spotify?:

Ia munduko edozein musika talderen abesti guztiak entzuteko aukera ematen duen programa da Spotify. Berdin dio Coldplay-ren abesti famatu bat izan, edo Benito Lertxundiren hasierako urteetako abesti bat, gehiena aurkituko duzu bertan. Musika jaisteko aukerarik ez du ematen (horretarako beste programa batzuk daude), baina irratiaren lana egiten du, eta gainera ez daukazu gustokoak ez dituzun abestiak entzuten ibili beharrik. Gustuko dituzun abestiak markatu eta hauekin kantu gogokoenen listak ere egin ditzakezu. Honez gain, munduan musika munduan dauden berritasunak erakusten ditu, hala nola, momentuan gehien entzuten diren abesti eta bildumak, eta noski hauek entzuteko aukera pare bat klik eginda. Musikaren kalitatea gainera, itzela da; eta erabiltzeko oso programa erraza eta sinplea da Spotify. Funtsean, musika gustatzen zaion edozeinentzat ordenagailuan eduki beharreko programa da.

Spotify programa ordenagailuko memoriara jaitsi nahi izanez gero, http://spotify.softonic.com/ web-orrian sartu.

--Google Maps-- Gure bazterrak ezagutzen




Zer erakusten du Google Maps honek?:

Nire herriaren sateliteko irudia da ondoren erakusten dudan mapa, Ataun herri ederreko mapa hain zuzen.


Nori zuzendua dago?:

Ez dirudien arren, Google Maps-a oso herraminta erabilterraza da. Beraz, Lehen Hezkuntzako haurrek ez dute batere arazorik baliabide hau menperatzeko.


Helburu hezitzailea:

Google Maps programa haurrek erabiltzeko oso herraminta erraza da. Nahi duten herri, hiri, mendi, ibai edo eraikuntzak aurkitu ditzakete, eta beraz euren autonomia lantzen dute. Haurrei zirrara berezia egiten die beren etxea interneten zerutik ikusiko balute bezala ikusteak, eta aplikazio honek horretarako aukera eskaintzen du. Geografia lantzeko ere oso programa aproposa da Google Maps, munduko mapa erraldoi bat bezala baita.

Zer gehiagotan lagundu dezake Google Maps-ek?:

Interneten sekulako arrakasta izaten ari den aplikazioa da Google Maps. Berarekin, mundu osoko txokoetara iritsi zaitezke segundu gutxi batzuetan, eta horrek bai haur zein helduentzat orain gutxi arte fantasiazko zerbait zirudien. Dagoeneko errealitate bihurtu da eta ia etxeko sukalderaino sartzeko aukera ematen digu Google-ren programa bikain honek. Hori gutxi balitz, leku batetik bestera dagoen distantzia kalkulatzen digu, eta autoz, garraio publikoan, ... eta oinez ere bai!! Distantziak dituen kilometroak eta iraungo genukeen denbora ere erakusten digu. Ibilbidean hartu beharreko bidegurutzeak, biribilguneak, ... dena eskura ematen digu Google Maps-ek. Geografia saioak haurrekin eskolan emateko ere oso aplikazio baliagarria da, maneiatzeko oso tresna erraza baita. Ez da harritzekoa, beraz, arrakasta itzela izatea mundu osoan zehar.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Google Maps, eta bideoa egiteko, Livestream.


Ver mapa más grande

Hona Google Maps-en tutorial txiki bat:


Watch live streaming video from ioritztelebista at livestream.com

--Jigsaw-- Puzzleak sortzen




Zer erakusten du Jigsaw honek?:

2010 honetako Frantziako Tourreko irudi ikusgarri bat da, puzzle moduan jarrita.

Nori zuzendua dago?:

Puzzleak gogoko dituen edonori zuzendua dago, beti ere 6 urtetik gorakoentzat bada ere, zalitasuna dela eta.

Helburu hezitzailea:

Haurren gustuko argazkiak hautsi eta berriz muntatu ditzakete Jigsaw-rekin, baina hori egiten dibertituz gainera. Oso ariketa dibertigarria da eurentzat, gainera, eurek jakin ez arren, puzzleak egiten ari direla euren garuna lantzen dute, eta hori irakasle, guraso eta ikasle beraientzat ere oso garrantzitsua da.

Zer gehiagotan lagundu dezake Jigsaw-k?:

Jigsaw puzzleak egiteko programa erakargarri bat da, batez ere etxeko txikientzat. Jigzone.com web-orrian bertan hainbat irudi daude puzzle eran jarrita, nahi dituenak osatu ditzan. Jolasak erakargarriak izaten dira beti haurrentzat, eta beraz entretenitzeko parada bikaina eskaintzen dute puzzleek. Gainera, puzzleak egiten garuna lantzen dute ondo pasatzen duten bitartean, beraz ariketa osasuntsutzat ere hartu liteke. Web-orrian dauden irudiez gain, gure ordenagailuko memorian gordeta ditugun irudiak ere erabil ditzakegu puzzleak sortzeko, honela haurrek euren etxeetan dituzten argazki gustukoak hainbat puskatan egin ditzakete, ondoren pixkanaka osatzeko. Azken finean, gaztetxoek ondo pasatzeko baliabide xumea bezain erakargarria da Jigsaw.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Jigsaw, eta bideoa egiteko, Livestream.

Click to Mix and Solve

Hona hemen Jigsaw programaren tutoriala:


Watch live streaming video from ioritztelebista at livestream.com

2010/12/21

5. EKARPENA - Euskera interneten



Hona hemen euskera eta internetari buruzko artikulu bat: http://www.euskonews.com/0222zbk/gaia22205eu.html 

Hautatzearen zergatia:

Tamalez interneten gauzak euskeraz topatzea ez da hain erraza, gehiena gaztelaniaz edo ingelesez dago, eta ni bezala ama hizkuntza euskera dugunontzat eta egunerokotasunean euskera erabiltzen dugunontzat, tristea da. Egoera pixka bat aztertu eta hobetu beharko litzatekeela uste dut, eta denon artean egin dezakegun zerbait dela iruditzen zaidanez, gai interesgarria iruditu zait hemen kokatzeko.

Ekarpena:

Oraintxu aipatu dudan moduan, interneten gauzak euskeraz topatzea ez da nahi bezain erraza. Noski jendeak esango du, euskerak ez duela gaztelaniak adinako indarrik gizartean eta nahi edo ez hori normala dela. Hori nik ez dut ukatuko, baina alderatu dezagun gure hizkuntza, katalanarekin. Hemen hasten gara nabaritzen zerbait egin beharrean gaudela. Interneten hainbat eta hainbat baliabidetan eta programetan katalanak bere burua sartu du, euskarak ez bezala. Hizkuntza aukeratu dezakegun web orri asko eta askotan, katalana aurkitzen dugu, eta euskeraren arrastorik ez da izaten normalean. Beraz, zerbait egin beharra dugula konturatzen gara, zeren katalanak ez du euskerak baino askozaz ere indar handirik. Katalanak interneten egoteko baliabideak baldin baditu, euskerak ere bai.

Gauzak honela, euskera interneten agerian ez egotearen arazoa ez da baliabide falta, beste zerbait baizik. Nire iritziz beste zerbait hori, konformismoa da. Interneten gabiltzanean zerbait euskeraz bilatzen, baina aurkitzen ez dugunean, gaztelaniaz bilatzeari ekiten diogu, arazoa aldatzen saiatu gabe, konformatu egiten gara dagoenarekin. Hori da aldatu behar duguna, hau da, zerbait euskeraz aurkitu ezin dugunean, lanean jarri behar gara gaztelaniaz edo katalanez dagoen informazio hori euskeraz ere egon dadin. Ezin gara egon zain norbaitek lana gure ordez egin dezan itxaroten. Zer egin dezakegu? Ba adibidez bilatzaileak euskeraz sortu, itzulpenak egin, ... Gainera, euskera interneten agertzea ez da gu euskaldunontzat bakarrik ona, atzerriko jendeak ere euskera zer den jakin dezan balio dezake. Gure kultura mundura zabaltzeko baliabide ezinhobea izan daiteke internet, gauzak behar bezala egiten baditugu.

Beraz, orain hitzetik ekintzetara pasatzea besterik ez da geratzen. Denon artean saiatu behar gara dugun hizkuntza eder hau mundura zabaltzen, eta zer hoberik horretarako, interneta baino.

Egilea: Ioritz Arrondo Begiristain

2010/12/20

4. EKARPENA - Telefono mugikorrak eskolan



Hona hemen gaiari buruzko artikulu batzuk:

Hautatzearen zergatia:

Etorkizunean (gaur egun ez hainbeste), Lehen Hezkuntzako eskoletan ikusi dezakegun objektu bat denez garrantzia handia duela iruditzen zait telefono mugikorren kontuak. Dituen alde txarrak eta onak ikusiz, nire iritzia emango dut gaiaren inguruan.

Ekarpena:

Azken urteetan teknologia arloan "boom"-ik izan baldin bada, hori telefono mugikorrena izan da. Orain 20 urte inork gutxik erabiltzen zituen, gauza berria zen gizartean, oraingoekin alderatuta adreiluak ziren orduko sakelako telefonoak. Urteen poderioz, ordea, ia batere ez egotetik, pertsonak baino mugikor gehiago egotera pasatu gara. Berdin du 80, 53, 29 ala 13 urte izan, denok dugu mobila patrikan eta ez daukatenak (bai, batzuk badaude) pertsona arraroak bailiran ikusten ditugu. Esan bezala edozein adinetako jendeak dauka telefono mugikorra, baina gero eta adin gazteagoan hasten dira mugikorra erabiltzen gaur egungo gaztetxoak, eta horrek berarekin dakar, nahi edo ez, mugikorrak eskoletan agertzea. Orain arte oso nekez ikusi izan dugu mugikorra Lehen Hezkuntzan, baina telefonoen bilakaerak elur bola handi batena bezalakoa izaten jarraitzen badu, 6-12 urte bitartekoak ere harrapatuko ditu, halako batean.

Kontua zera da, mugikorra tresna on bat bezala hartu izan dela orain arte, komunikatzeko aukera ezinhobea eskaintzen duela eta. Baina gaur egungo mobilek ez dute deiak egiteko soilik balio, argazkiak atera, bideoak grabatu, edota interneten sartzeko aukera ematen dute. Noski, aukera hauek edukitzea Norbegian lanean ari den 32 urteko gazte euskaldun batentzat erabat onuragarria eta beharrezkoa da, baina mugikor berbera 14 urteko neska/mutil batek eskola barruan erabiltzen badu, esan beharrik ez dago onerako baina gehiago txarrerako dela. Izan ere, batetik, 14 urteko haur batek ez ditu ezagutzen mobilak izan ditzakeen arriskuak gaizki erabili ezkero, eta adin honetan gehienetan sakelekoari ematen zaion erabilera okerra da. Bestetik, adin horretan telefono mugikorra ez dute ia ezertarako behar, eta are gutxiago eskolan daudenean. Eskolan ez dute etxera deitzeko beharrik izaten, babesean daude eta gurasoak euren bila joan beharrik ez dute eskolako ohiko ordutegitik kanpo behinik behin; eta noizbait deia egin behar bada, eskola guztietan dago telefono finkoa. Honez gain, adin honetako gazteei deiak egiteak ez die dirurik suposatzen, gurasoek ordaintzen baitituzte fakturak, eta horrek hainbat etxetan ezustekoak ekarri ditu, eta etorkizunean ere ekarriko ditu. Hala ere, ehuneko altu batean arazoa ez da haurrena izaten, euren gurasoena baizik, eta horretan eskolak ez du zeregin handirik.

Ukatu ezin dena zera da, telefono mugikorra sekulako asmakizuna izan dela, XX. mendeko asmakizunik onenetarikoa zalantzarik gabe, baina munduko gauza guztiak bezalaxe, ondo erabili behar da edo ondo erabiltzen jakin behar da behintzat. Eta ondo erabiltzeko lekua ez dirudi eskola denik.

Egilea: Ioritz Arrondo Begiristain

2010/12/18

--Mindomo-- Futbola




Zer erakusten du Mindomo honek?:

Munduan gehien praktikatzen den kirola eta jende artean ezagunena da futbola, ala nahi edo ez. Horrek berak eragiten du gaztetxoenen artean kirolik praktikatuena eta gogokoena izatea. Adin txikian futbolean hasten diren askok, gehienek, ez dituzte joko arauak ezagutzen, ezta jokaleku bakoitzean dituzten eginbeharrak ere, irabazten eta galtzen ez dakite, zelaian ze portaera eduki behar duten ere ez, ... Praktikatzen duten heinean pixkanaka ikasten joaten diren arren, aipaturiko guztia ezagutzen joateko eskema moduko bat ideia ona dela iruditzen zait. Bertan azaltzen dira futbol arauak, fair play-aren kodigoa, jokalari bakoitzak dituen eginbeharrak postu bakoitzean eta postu horietan daudenek izan ohi dituzten ezaugarriak (orientazio modura, haurrek euren gaitasunei gehien egokitzen zaien postua ezagutzeko), futbolean dauden eskema taktiko orokorrenak, ... eta futbolaz gozatzeko bideo batzuk ere bai. Haurrek futbola ezagutzeko beste modu bat dela iruditzen zait Mindomo eskema hau, eta eurentzat baliagarria izan dadin nahi dut.

Nori zuzendua dago?:

Batipat futbol federatuan hasten diren gaztetxoentzat zuzendu nahi izan dut egindako Mindomo-a, baina egia esan edozein futbol zale interesaturentzat balio du, izan ere, futboleko arauak, teknikak, taktikak, ... azaltzen dira, eta edonorentzat baliagarria dela uste dut horiek denak jakitea, nahiz eta aditua ez naizenez batzuek jarritakoarekin guztiz ados ez egon.

Helburu hezitzailea:
Eskoletan erabiltzeko oso aplikazio garrantzitsua da Mindomo. Orain arte hainbat gai azaltzeko edo aurkezpenak egiteko, Power Point programa erabiltzen zen. Hau gutxietsi gabe, Mindomoak gauza gehiago egiteko aukera ematen digu. Haurrentzat hitzak baino erakargarriagoak dira irudi, bideo edota eskemak; eta Mindomo-k hori eskaintzen digu modu sinple batean. Haurrek beraiek esperimentatzeko ere baliabide erraza da Mindomo, eta beraz bai ikasle zein irakasleentzat maneiatu beharreko programa iruditzen zait.

Zer gehiagotan lagundu dezake Mindomo-ak?:

Mindomoa eskemak egiteko modu interesgarria da. Aukera ugari uzten ditu, bideoak, irudiak, estekak, apunteak, ... txertatu daitezke bertan. Klasean aurkezpenak egiteko baliabide itzela da, eta Power Point erabiliak baino aukera gehiagorekin gainera. Ordenagailuz denez programa, klaseko apunteak eskema moduan bertan ezarri daitezke, eta gordetzen aritu beharrik ez dago, automatikoki egiten baitu lan hori.

Errekurtsoak:

Ordenagailua, internet, Mindomo, eta bideoa egiteko, Livestream.

Hona hemen futbolari buruzko Mindomo-a:




...eta hemen Mindomo-aren tutoriala: